viernes, 28 de octubre de 2011

Irakurtzea garrantzitsua bada, hobetu dezagun.

Gaurkoan, ozen irakurtzeak duen abantailarekin natorkizue, izan ere, altu irakurtzeak ulermena hobe dezake. Umeekin liburuak konpartitzea oso aberatsa dela dakigun arren, zergatik ez bien bitartean horiekin hitz egin?
Haurrek entzuten dutena aurretik ezagutzen duten zerbaitekin erlazionatzen dutenean, ikasi egiten dute. Hau horrela, altuan pentsatzen ikastea garrantzitsua da, hots, umeak irakurtzen duen bitartean bere sentimenduak adieraztea. Aipatutako metodo hori erabiltzeko ondorengo hiru modu daude:
1.-Irakurtzen ari den liburua umeak izan duen esperientziaren batekin lotzea.
2.-Liburua aurretik irakurri duen beste batekin erlazionatzea. 

3.-Liburua ideiekin eta irakaskuntzarekin erlazionatzea.
Beraz, hiru moduak erabilita ere, irakurtzen ari den bitartean altuan pentsatzen arituko da umea eta adibideen bidez, errealitatearekin hobeto erlazionatzeko aukera izango du.

Are gehiago, umeari irakurtzen ari dena ulertarazten lagundu nahi badiogu, irudi mentalak erabil ditzakegu, hobeto esanda, istorioan zehar agertzen diren irudiak bisualizatu dezakegu. “Pelikula mental” horiek, ulermena hobetzen eta duen informazioa sailkatzen lagundu diezaiokete haurrari. Txikiek irakurtzen dituzten liburu gehienek irudi politak izaten dituzte, beraz, hobe da metodo hau liburu luzeagoak altuan irakurtzen dituztenean praktikara eramatea. Beste alternatiba bat, umeari zu zeuk irakurtzea izango litzateke, berak irudirik ikusi ez dezan. Horrela, bere irudi mentalak egingo lituzke. Garrantzitsua da umea irudi mentalak sortzen hasteko ondorengo urrats hauek jarraitzea:

- Irakurketa hasi. Informazio deskriptibo egokia duten esaldi edo paragrafo batzuk irakurri eta gero etenaldi labur bat egin.
    -Norberak bere buruan sortu duen irudia haurrari azaldu, irudi hori marrazteko lagungarriak diren liburuko hitzak aipatuz. Irudia leku, akzio edo pertsonaia batena izan daiteke.
    - Garrantzitsua da haurrari komentatzea irudi hauek nola laguntzen diguten istorioan gertatzen ari dena ulertzen.
    - Jarraitu irakurtzen. Berriro etenaldi bat egin eta sortu den irudi berri horretaz hitz egin. Gero, alderantziz, umeak kontatu behar du berak sortu duen irudi hori nolakoa den eta irudi hori sortzeko lagungarriak izan zaizkion hitzak zeintzuk diren galdetu behar zaio. Emozioei buruz galdetzea ere komenigarria da, arlo hau ere lantzen hasi dadin.
    -Baliteke helduaren eta umearen irudiak berdinak ez izatea. Hau horrela, momentu aproposa litzateke honen zergatia azaltzea, denok ez baikara berdinak eta bakoitzak bere erara imaginatzen baititu gauzak. Gainera, ezinbestekoa da haurrari pertsonen artean dauden diferentziak ulertu eta errespetatu egin behar direla erakustea.
    -Prozesuarekin jarraitu, irakurri eta berriro irudiak konpartitu behar dira.
    -Behin eta berriro ariketa hau jorratutakoan, umea animatu egin behar da berak bakarrik irakurtzen duenean ere irudi mentalak sortzera; bere ulermena lantzeko laguntza izugarria baita metodo honen erabilera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario