domingo, 4 de diciembre de 2011

Errespetua eta laguntza

Aupa!!
Orain arte idatziriko guztia laburbiltzeko gogoz natorkizue, izan ere, gaurko nire helburua hurrengo hau argi uztean datza: guztiok ezberdinak izan arren, denok merezi dugu errespetu berberaz tratatzea, hots, nahiz eta haur batek beste batek baino zailtasun gehiago izan, baliteke ume horrek, beste arloren batean, beste batek baino erraztasun gehiago izatea, hortaz, zailtasunak dituen haurra dela ikusita, errespetua eta laguntza erakutsi behar ditugu, agian gu geu izango baikara beste egoera batean errespetu eta laguntza hori beharko ditugunak.
Gizaki moduan, balore batzuek soilik ezberdintzen gaituzte bata bestearengandik; balore horiek, familiari, jaiotako herrialdeari edota gizarteari loturikoak lirateke, baina ez zailtasun, arazo edo gaixotasunei loturikoak. Hau horrela, ezinbestekoa da umea honetaz jabetzea, gainontzeko haurrak errespetatu ditzan. Gelan ari garenean, hezkuntza komunitate bat izango gara eta beraz, denok, haur zein irakaslek izango ditugu ezagutu eta aplikatu beharreko eskubide zein betebehar batzuk.  Laburbilduz, haurrek errespetua landuko dute:
-Beraien gurasoak errespetuz aritzen badira.
-Beraiekiko ezberdinak diren haurren ipuin edo istorioak entzuten badituzte.
-Gainontzekoak baloratzen ikasten dutenean.
-Haur ezberdinekin batzen eta jolasten dutenean.


Hauxe izan da nire gaurko egitekoa; gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen.


Eskerrik asko!!


























sábado, 3 de diciembre de 2011

Hizketaren nahasteak

Kaixo guztioi!!

Hemen natorkizue beste sarrera batekin. Niretzako interesgarria den arren, espero gainontzekoentzako ere horrela izatea. Gaurkoan hizketan ematen diren nahasteei buruz idaztea erabaki dut, arazo honek ere eskolan zailtasunak ekar baititzake. Hau horrela, hasi egingo naiz.

Hizketaren nahasteak aipatzean, ahotsean, erritmoan, erresonantzian edota artikulazioetan kalteren bat dugula esaten ari gara. Hortaz, nahaste hauek seitan banatu ditut horrela era labur eta ulerkor batean azaltzeko.

Ahotsaren emisioan gertaturiko alterazioei deritzogu disfonia, hots, ezaugarri akustikoen ondoezari. Disfonia, ahotsa era desegokian erabiltzearen ondorioz sortzen da eta berau zaintzeko modurik onena litzateke: ahotsari atsedena ematea, birgaikuntza foniatrikoa eta tratamendu antirreflujoa eta azkenik, ebakuntza egitea.

Nerbio sistema zentralean edo periferikoan sorturiko lesioa tarteko delarik, ahotsean, erresonantzian, arnasketan edo ahozkatzerakoan izan dezakegun arazoari deritzogu disartria.

Fonemen artikulazioak arazoak baditugu dislalia audiogenoa izan dezakegu, beti ere, entzumeneko arazoren batek sortua bada.

-DISLALIA FUNTZIONALA:
Kasu honetan ere fonemen artikulazioan arazoak izango ditu arazo hau pairatzen duen haurrak, baina, aurreko kasuan ez bezala, arazo hau artikulazioa posible egiten duten organoen funtzionamendu okerrak eragindakoa izango da. 

Disfemia edo toteltasuna, hizketaren jario eta erritmoan arazoak dituenak jasaten duen arazoa litzateke.

Kasu honetan, hizketarako organoen malformazioek edo lesio fisikoek artikulazioan, hots, fonemen artikulazioan eragin eta berau era egokian egiten ez uzteagatik sortzen diren gorabeherei deritzogu. 







lunes, 21 de noviembre de 2011

Ikusmen urritasuna

Ikusmen muga edo ikusmenean zorroztasuna izatean datza ikusmen urritasuna. Ahalmen gutxitu bat dela esan daiteke, itzalak eta argiak desberdintzeko ahalmenaren desagertzetik, ikusmen baliagarria deritzon ikusmen mailara iristen dena. Ikusmen urritasunean mota ezberdinak daude, bakoitzak ezaugarri batzuk izango dituelarik, hala nola:

-Anbliopia sakona
: bolumenak eta koloreak ikus ditzake, gertuko ikusmenaz baliatzen baita idazteko eta eskema ezberdinak desberdintzeko. Errealitatea interpretatzean akatsak egiten dituzte eta besteak beraien silueta, jarrera edo jantziengatik ezagutzen dituzte.
-Amaurosis: pertsona honek ez du ikusmenik, itsua da. Ez dute besteen begiradak jarraitzen ezta gainontzekoen keinuak imitatu ere, hau horrela, ezin dira beraiek bakarrik mugitu.
-Itsu ia osoa: soilik argi pertzepzioa ikus dezake.
-Itsu partziala: gertuko ikusmena oso urria izango da pertsona hauetan. Masa eta argien pertzepzioa ikusten dute.
-Miopia, astigmatismoa, begi alferra, hipermetropia … : klasean arreta galtzen dute, arbela ikusteko arazoak baitituzte. Beraz, ume hauek lekuz aldatu behar dira arbela ondo ikusteko.

Nola jakin dezakegu umeak ikusmen urritasuna badauka? Ume hauek beranduago hasten diren eskuekin jolasten eta ez dute interesik erakusten gauzei begiratzeko orduan. Hitz egiten dutenean, ez diote besteari aurpegira begiratzen eta sarritan altxatu egiten dira gauzei hurbiletik begiratzeko. Horrez gain, ongi ikusten ez duten gauzengatik galderak egiten dituzte.
Honetaz aparte, ez diete erreparatzen helduen egiten dituzten mugimenduei eta ondorioz, ez dituzte imitatzen oinez 12hilabeteekin hasi beharrean 24-30ekin hasten dira, korrika egiteko baldarrak izango direlarik. Gerora ere, okerturik ibiltzeko tendentzia izango dute, berantz begira. Irakurtzeko orduan, papera aurpegiaren kontra jartzen dute eta begiratzen dutenean, esku batekin begi bat estaliko dute. Gainera, hurbileko zein urruneko gauzei erreparatzeko begi erdi ireki edo begi keinuak egiten dituzte. Tendentzia izaten dute non dauden galdetzeko, baita zerbait erori zaien lekuan, gauza hori egon daitekeen lekuaren kontra aurpegia jartzeko ohitura ere.
Beraz, eskolako umeren baten ikusmen urritasunen bat duela konturatu ezkero, irakasleok gurasoekin kontaktuan jarri beharko ginateke umea espezialista batengana eramateko, beti ere ikusmen arazoa txikia izanez gero, eta beharrezkoa bada betaurrekoak jartzeko. Baina, komenigarriagoa izango da ikusmenean arazo larriak dituen umea leku apropos batera eramatea, ONCEra adibidez, bere ingurura moldatzeko ariketa bereziak ikas ditzan:
-Leku batetik bestera mugitzeko bastoia erabiltzen ikastea.
-Brailea erabiltzen ikastea irakurtzeko zein idazteko.
-Entzumena lantzeko jolas bereziak egitea.

Bukatzeko, komenigarria izango litzateke ume horiek arretaz jarraitzea, papera bere begietatik oso hurbil ez jartzeko ... Horrela, urritasun hori ez gehitzen lagunduko genieke.






domingo, 20 de noviembre de 2011

Entzumen urritasuna

Pertsona batek gorreria duela esango dugu, entzumen falta badu. Jende honek, hizkuntza bereganatzeko teknika berezien beharra izaten du, ezin baitute ahozko hizkuntza era espontaneo batean eskuratu. Baina zelan sortzen da gorreria? Gorreria hereditarioa izan daiteke, baina horrez gain, haurdunaldian (amak jasandako gaitz baten ondorioz), erditzeko unean (haurra goizegi jaiotzean ...) edota bizitzan zehar ere (infekzio baten ondorioz ...) gerta daiteke berau.

Gorrek hurrengo ezaugarri hauek izaten dituztela esan daiteke:

-Berba egiterakoan, arazo larriak izaten dituzte entzuteko. 

-Esandakoa errepikatzeko joera izaten dute behin eta berriro.

 

Ezaugarri hauekin bat datozen pertsonek ondorio batzuk jasaten dituzte bizitzan zehar; ni horiek pixkatxo bat laburtzen saiatuko naizelarik. 

 

Ahozko komunikazio zailtasunek, askotan egoera hori frustrazio egoera bilakatzen dute, epe luzera, entzumen urritasuna pairatzen duen pertsonaren nortasuna aldatu dezakeelarik. Horrez gain, segurtasun falta ere izan dezakete, beraiek hautematen ez dituzten arrisku egoeren aurrean beraien burua babesteko eta egoerari erantzuna emateko arazoak izaten dituztelako. Ikaskuntzan, berriz, ume hauek informaziorako sarbidean tope batzuk aurkezten dituzte, arazoak izaten baitituzte idatzizko zein ahozko komunikazioan, guzti honek, ikaskuntzaren prozesua geldotzea dakarrelarik.

 

Zer egin behar da entzumen urritasuna duten umeekin? Nola jokatu behar genuke? Hasteko, komenigarria da astiro eta argi hitz egitea ume hauekin, umeek esan nahi dieguna uler dezaten. Horrez gain, komunikazio osoa erabili behar da, hau da, irakasleak bere aurpegiko keinuak, idazkera eta mugimendu naturalak kontuan hartu behar ditu. Askotan, ahotsaren intentsitatea zaintzen erakutsi beharko zaie, noiz igo edo jaitsi behar duten ohartaraziz. Irakasleak azalpenak ematen dituen bitartean, umeei begira mantendu beharko da ume horiei ezpainetako irakurmena errazteko, izan ere, hizketan ari den unean arbelerantz begira badago, ume hauek zailtasunak izango dituzte esaten ari dena interpretatzeko. Hala ere, garrantzitsua izango da azalpenaren inguruko galdera bat luzatuz edota gaiaren inguruko zailtasunak komentatuz ikasle horrek azalpenak ulertzen eta jarraitzen dituela konprobatzea. Bukatzeko, pertsona horiek ezin dituztela galderak tonuaren bidez ezberdindu eta beraz, irakasleak galdera bat planteatu nahi dioenean ezinbestekoa izango da galdera ikur bat marraztea.




    sábado, 19 de noviembre de 2011

    Asperger sindromea

    Kaixo!

    Atzo autismoaren gaia atera nuenez, gaurkoan autismoarekin nolabaiteko zerikusia duen asperger sindromearekin natorkizue. Zein ote da bi hauen arteko desberdintasunik handiena? Erantzuna, hizkuntza- maila litzateke. Hala ere, asperger sindromea pairatzen duten umeek memorizazio- gaitasun handia izaten dute eta era berean,ez dute ahozko hizkuntzarekin aparteko arazorik izaten, nahiz eta sarri askotan, azkar hitz egiteko joera izan; beraz, esan daiteke, intelektuali “normalak” direla. 
    Metaforak, zentzu bikoitzeko hitzak … ulertzeko zailtasunak izaten dituzte eta honek gaizki ulertuak sor ditzake, gerora frustrazio bihurtuz. Ume hauek arazoak izaten dituzte gainontzeko kideak ulertzeko eta baita elkarreraginean aritzeko ere, izan ere, askotan gainontzeko ikaskideek “desberdintzat”  kalifikatzen dituztenez, iraintzen dituztelako. 
     Asperger sindromea duten umeek honako ezaugarri hauek izan ohi dituzte:
    -Errutina.
    -Tik-ak.
    -Obsesioak (ordena mantentzekoak).
    -Maniak.

    Guzti hau kontuan izanda, ume hauei sozializatzen lagundu behar diegu,  modu asertiboan hitz eginez eta beraiek ulertuko ez dituzten metaforak eta zentzu biko esaldiak albora batera utziaz. 


    Bukatzeko, bideo interesgarri batekin utziko zaituztet!





    viernes, 18 de noviembre de 2011

    Autismoa

    Egunon denori!

    Eguaztenean altxatu nuen ipuinaren ostean, intereseko beste arazo batekin natorkizue. Gaur autismoa landuko dut laburki edo behintzat hori egiten ahaleginduko naiz.

    Autismoa burmuinaren trastorno bat dela esan daiteke. Arazo hau pairatzen dutenek gainontzekoekin komunikatzeko zailtasunak izaten dituzte. Hau horrela, ez dute askorik hitz egiten eta ekintza berak behin eta berriro errepikatzen dituzte. 
    Autismoaren ezaugarriek pertsona bakoitzean modu ezberdinean eragiten duten arren, hauexek lirateke nabarmenenak:

    -Ez dute hizkuntza ongi menderatzen eta horrek hitz egiteko zailtasunak sortarazten dizkie.
    -Ez dute gorpuitz lengoia ulertzen.
    -Beste kideei begietara begiratzea ekiditen dute.
    -Sarri askotan, ez dute erreakzionatzen soinuen eta ahotsen aurrean.
    -Objektu bari begira gelditzen dira luzaroan.
    -Ez dute arriskurik ikusten.
    -Errutinari eta ordena mantentzeari garrantzi handia ematen diote. 
    -Ahotsaren tonu bera erabiltzen dute.
    -Aurpegian ez dute adierazpenik.
    -Aurrera eta atzera mugitzen dira etengabe, beraien buruei kolpeak emanez.

    Baina, noiz antzematen dugu ume bat autista dela? Kasu gehienetan, umea ibiltzen hasten den garaian igartzen da hori, izan ere, bere izaera ez dela ohikoa konturatuko gara. Batzuen aburuz, autismoa genetikoa da; beste batzuen ustez berriz, umearen inguruneak berak edota osasun arazoek sortarazi dezakete berau.

    miércoles, 16 de noviembre de 2011

    Umeentzako ipuina

    Aupa!
    Oraingoan blog honetan lantzen ari naizen gaiarekin lotura duen istorio batekin natorkizue, ea gustatzen zaizuen!
    Umeentzako istorio batek ondorengoa diozku: Animalia batzuek basoan eskola bat irekitzea pentsatu zuten; eta horretarako, elkartu eta kurtsoan zehar erakutsi beharreko diziplinak zeintzuk izango ziren erabakitzen hasi ziren. Txoriak, eskolak hegan egiteko kurtso bat eskaini behar zuela zioen. Arrainak, curriculumean igeriketa gehitu behar zela; urtxintxak, zuhaitzetan gora igotzen erakustea ezinbestekoa zela zioen eta untxiak, aldiz, eskolako diziplinen programan lasterketak gehitzea beharrezkoa zela uste zuen. Gainontzeko animaliek ere horrela jarraitu zuten, oker zebiltzala ohartu gabe. Iradokizun guztiak kontzideratuak izan ziren eta baita onartuak ere. Ezinbestekoa zen animalia guztiek diziplina denak praktikatzea eta horrela, hurrengo egunean, ikasketa programa praktikan jartzen hasi ziren.
    Lasterketak egiteko unea iritsi zenean, untxia ezin hobeto hasi zen korrika, inork ezin baitzuen jarraitu. Hala ere, laster etorri ziren zailtasunak eta arazoak ere untxia hegan ikasten hasi zenean. Zuhaitz baten adarrean jarri zuten eta salto eta hegan egitera behartu zuten. Untxiak zuhaitzetik salto egin zuen eta lurrera erortzean hankatxo biak apurtu zituen. Ez zuen hegan egiten ikasi eta are gehiago, handik aurrera ezin izan zuen lehen bezala lasterka egin.

    Txoriak, inork ez bezala egiten zuen hegan, baina, behin zator bat izango balitz moduan zuloak egitera behartu zuten; eta noski, ez zuen lortu. Egin zuen esfortzu handiagatik, bere mokoa eta hegoak apurtu zituen eta ondorioz, ezin izan zuen egunero hegan egin. Arraina, urtxintxa eta txakurra ere antzera pairatuta atera ziren hegalditik, hots, zaurituta.
    Azkenik, eskolak bere ateak itxi behar izan zituen. Ba al dakizue zergatik? Animaliak ondorio batera iritsi zirelako: DENOK EZBERDINAK GARELA. Bakoitzak bere bertuteak eta ahultasunak ditu.  Katu batek ez du sekula txakur baten moduan zaukarik egingo eta ez du inoiz arrain baten moduan uger egingo. Beraz, ezin dugu inor behartu gauzak gure moduan egitera edo gu bezalakoak izatera, izan ere, hori eginez gero, beraiek sufritzea besterik ez dugu lortuko, ezingo garelako inoiz berdinak izan. Gainontzekoen iritziak errespetatu behar ditugu, bai eta beraien gaitasun eta limitazioak ere. Norbait gurekiko desberdina bada, ez du esan nahi bera gu baino hobeagoa edo txarragoa denik; soilik, errespetatu beharreko pertsona desberdin bat baita.